XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. Atala. Zazpi Mendietako Hereria

Herri txikia zen, oso zorrotza eta garaia.

Ia-ia zerua ukitzen zuen.

Han goian hodeiek, erdilo, harekin behaztopa egiten zuten beti beren joan-etorrietan.

Haserrekorrak ziren eta, holakoetan, berehala lehertzen ziren, amorruz zaparradak, eurijasak nahiz uholdeak isurtzen zituztelarik, oztopoa salda bat bezain blai utziz.

Ez zuten jasaten bidean enbarazu egiten zien inor.

Horrexegatik, Herria bustirik zegoen, dutxatik atera berria bezala.

Ur-tantak sigi-saga zebilzkion larruan eta jantziei, lurraren biluztasuna estaltzen duten oihal berde amaigabeei alegia, garbi-usaina zerien.

Garaiera ezberdinetako zazpi mendi, oso maldatsuak, eta oinarrian estuturik egoteagatik eguzkia ozta-ozta heltzen zen haran bat, hauxe zen Herri hartako lurralde guztia.

Mendietan hasten eta amaitzen zen.

Ez zen ondoan bestelako Herririk ikusten, lotsorrez burua azaltzen zuten zenbait zuhaitz, besterik ez.

Harago, laino pila batek zeharo ezkutatzen zituen, hodeiertzeraino bertaraino, egon zitezkeen bestelako paisaiak.